Artisten esanak

Asier Urkiza

Hala zioen Gorka Urbizuk iragan azaroaren 7an Berrian argiratutako elkarrizketan: “Kultura hoteletako okupazioaren arabera neurtzeko joera gailentzen den bitartean, jai daukagu”. Elkarrizketan hainbatetan egiten dio erreferentzia kulturaren espektakularizazioari eta horrek dakartzan kalteei, ideia jakingarriak emanez. Interesgarriak dira, izan, Urbizuk botatako asko. Algoritmoak gidatutako estimulu azkarren garaian, patxadaren aldeko apustua da Urbizurena; unea, benetakotasuna eta biluztasuna bilatzen ditu hutsalkeriaren sasoian. Ni neu ere iritzi berekoa naiz gauza gehienetan eta aipatutako ideia zenbait partekatzen ditut. Urbizuren musikaren zalea ere banaiz, nahiz eta horrek ez duen, berez, ezer esan nahi. Zerbaitek kirrinka egiten dit, ordea.

Bada zerbait eraman ezin dudana bere burua mundutik at kokatzen duen artistaren figuran. Ez da Urbizurena kasu bakarra eta ez da bere obra goitik behera blaitzen duen kontua ere. Arriskurik badu joera horietan sakontzeko, nire irudiko. Ez dut esan nahi gizarte gaiak ez zaizkionik axola. Hala balitz eskubide osoa luke, gainera. Ez da hori kasua, edonola ere, bere kantuetan gizarteari buruzko iritzi eta sententzia ugari daude-eta. Arazoa, arazorik badago behintzat, sententziak izatean datza. Kantuen letretan gizartea albotik begira epaitzen duen aztertzaile zorrotza da Urbizu, sententziak ematen ditu han eta hemen, ezin du jasan jendearen arrunkeria eta galdurik dago mediokritatearen itsaso zabalean. Ihesbideak xerkatzen ditu eta artera -musikara- jotzen du ukendu bila. Horiek denak ezagunak dira aspalditik artearen munduan, Erromantizismotik zer esanik ez. Artista jeinu bakarti gisa, bere talaiatik herri xehea leziatzen eta hari bazka -estetikoa, jakina- eskaintzen diona.

Artisten harrokeria -ez dut esaten Urbizurena hori denik- ulergarria ere izan daiteke. Finean, zeuk sortutakoa norbaiti erakusteko ausardia ere behar da, harrokeria puntu bat, esan dezagun, beharrezkoa. Sorkuntza artistikoak behar du akaso besteengandik bereiztea, masatik aldentzea ikuspegi zabalagoa izateko. Jan zaitzake pertsonaiak, ordea. Eta irits zaitezke zeure burua ongiaren eta gaizkiaren gainetik kokatzera eta, demagun, elkarrizketa batean kulturaren merkantilizazioaz eta hutsalkeriaz hitz egitera, kontzertuen gurpil zoroaz, Victoria Eugenian lau kontzertu jarraian egiten dituzun bitartean. Edo Spotify-n agertzeko garrantziaz hitz egin, euskal musikarien aldetik boikot kanpaina bat abian dagoenean. Gauza bat edo bestea egin dezakezu. Futbol zelaiak bete, akziodun sionisten musika festibaletan jo edo Arrasateko gaztetxean. Artisten kasuan, baina, egiteak balio du, ez hainbeste esateak.