Hogei urte hegoak astintzen
Hogei urte igaro dira jada Txinbotarrak sortu zenetik. Bilboko Konpartsen artean beteranoa ez den arren, ekinaren ekinez bere lekua egitea lortu du, eta gure auzoko erreferentzia ere bihurtu da. Aurten, Zorrotzako jaietako pregoia emango dute eta egindako bidea gomutatzeko argazki-erakusketa jarriko dute Auzoka Komunitate Zentroan.
TESTUA: IGOR GUTIÉRREZ | ARGAZKIAK: TXINBOTARRAK KONPARTSA
Oso urrun geratzen da 2005. urtea, baina merezi du gogora ekartzea nolakoa zen giroa Zorrotzan gure konpartsa sortu zenean. Gaztetxearen okupazioa (2004) une gogoangarria izan zen orduko gazteentzat, duda barik.
Horrez gain, beste erronka batek auzoko eragile guztiak bateratu zituen: Azoka Parkearen defentsa, alegia. Bilboko Udalak lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko asmoa zuen frontoiaren aurrean bertan, eta horretarako, plaza zati hori suntsituko zuten. Zorionez, auzotarrok egindako presioagatik, aparkalekua frontoiaz haratago eraiki zen eta gaineko lurzorua urbanizatu. Horrekin batera, egungo saskibaloi eta futbito kantxak irabazi genituen.

2005ean, Jai Batzordearen inguruan militatzen zuten ero gutxi batzuk bildu egin ziren konpartsa bat nola sor zitekeen aztertzeko
Bizikidetza arazoak ziklikoak izan dira gure auzoan, baina urte horietan egoera bereziki latza zegoen Zazpilanda etxaldean. Udalaren eskuhartzerik eza salatzeko, manifestazio erraldoi baten ostean auzokide batzuek Auzo Etxea okupatu zuten eta gau osoa bertan eman zuten protesta gisa. Inflexio-puntu horren ondoren, egoera aldatzen hasi zen.
Borroka horiek guztiek mugimendu desberdinetako kideek, haien artean gazte askok, elkar ezagutzea eta euren artean harremanak estutzea ekarri zuen. Eta, horrekin batera, bestelako Zorrotza bat lortzeko ametsa ere bai.
Txinbotarraken sorrera
Auzoko konpartsa bat osatzeko ideia beti egon zen presente, baina 2005. urtera arte ez zen serioski hartu. Orduan, Jai Batzordearen inguruan militatzen zuten ero gutxi batzuk bildu egin ziren hori nola egin zitekeen aztertzeko. Aste gutxiren buruan, izena emateko orriak banatu zituzten inguruko elkarte eta lagunen sarean eta, euren harridurarako, ehundik gora lagunek egin zuten bat ekimenarekin.
Abendu horretan bertan fundazio batzarra egin zuten eta otsailerako Bilboko Inauterietan parte hartu zuten handik eta hemendik lortutako materialekin. Lehenengo karroza Gaztetxean eraiki zuten eta “Jurassic Parking” zuen izena: dinosauro-garabi bat irudikatzen zuen, Azoka Parkea irentsi nahi zuena. 2006an zehar jarduera guztietan parte hartu ondoren, Txinbotarrak Bilboko Konpartsen Federazioan onartua izan zen.


Mugarriak eta erronkak
“Hogei urte ez da ezer” zioen tango zahar batek; baina ondo begiratuta, bi hamarkada hauetan Txinbotarrak konpartsak kapitulu esanguratsu asko idatzita utzi ditu historiarako. Hasteko, 2007an lehen txosna jarri zuten. Aurrenekoz, Zorrotza eta bere aldarrikapenak Bilboko Areatzaraino iritsi ziren. Gutxi geroago, 2010ean, txupinera jartzea egokitu zitzaienean, Aratz Irazabal “Pira” izan zen Aste Nagusiari hasiera eta amaiera emateko arduraduna. Ondoren, 2014an, Aratusteetako desfilearen lehen saria lortu zuten. Pandemiako etenalditik indarberrituta ateratzea ere ez zen nolanahiko lana izan, auzo gehienetan gizarte-mugimenduak moteldu baitziren. Eta iaz, txupinera berriro jartzeko ohorea izan zuten, Nagore Ugarteren eskutik. Momentu horiek eta gehiago gogoratzeko, argazki-erakusketa bat jarriko dute Auzoka Komunitate zentroan, urritik abendura bitarte.

Gaur-gaurkoz, konpartsaren erronka nagusia ahaleginari eustea eta belaunaldi berriak erakartzea da
Baina kamerako fokutik at bada lan ikusezin bat, isilpean, jende askoren ahaleginez egiten dena, urte osoan zehar Zorrotzan eta Bilbon jai eta kultura herrikoiak sustatzeko. Beraiei esker, izugarri aberastu da auzoko kultur egitaraua azken urteotan eta proiektu interesgarriak jaio dira, hala nola, musika tailerrak.
Horixe da, gaur-gaurkoz, Zorrotzako konpartsaren erronka nagusia: ahaleginari eustea eta belaunaldi berriak erakartzea, hegoak astintzen jarraitzeko hauspoa eman diezaioten. Zorionez, aurpegi gazte berriak ikusten hasi dira, eta jaien hasieran emango duten pregoian merezi duten lekua izango dute. Urte askotarako, Txinbotarrak!

