Zorrotzarrok prest aukera ugariz betetako jai egitarauaz gozatzeko
Aurten 20 urte bete dituen Txinbotarrak konpartsak izango du jaiei hasiera emango dion txupinazoa botatzeko ardura. Guztira bederatzi egun izango dira, auzokide guztiek, gazteenetatik zaharrenetaraino, gozatzeko jarduerez beteta.
AITOR MARÍN
Irailaren 26tik aurrera jaietan murgilduko gara berriro zorrotzarrok. Musikaz, antzerkiaz, kirolaz, eta ondo pasatzeko aukera ugariz betetako bederatzi gau eta eguneko programaz disfrutatzeko aukera izango dugu aurten ere: txosnak, kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, etab. ez dira faltako Azoka parkeko esparruaren barruan zein kanpoan.
Adin guztientzako jarduerak prestatzen ahalegindu da berriro Jai Batzordea. Gazteentzako eta umeentzako eskaintza zabala osatu dute (kuadrillen lehiaketa barne), baita nagusientzat ere, 60 urtetik gorakoei espresuki zuzendutako ekintzak izango baitira laugarren urtez. Guztion parte hartzea eskatzeaz gain, jaiak posible egiten dituzten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie Jai Batzordeak. “Boluntarioen ahalegin nekaezinari esker itzuliko dira jaiak: Aste Nagusiko sukaldean lan egiten dutenei esker zein jaietatik haratago auzoari bizia ematen dioten taberna eta saltokiei esker”.
Musikari dagokionez, Kresala (ostiralean) eta Versus (larunbatean) taldeek berriro errepikatuko dute Azoka parkeko eszenatokian lehenengo asteburuan. Bigarren asteburuan berriz, Trikizio erromeria eta XSakara eta Bad Sound taldeak arituko dira eszenatokian.
Euskara bultzatzeko ekintzak
Aurten jada urteroko hitzordu handia bihurtu den jaietako lehenengo igandeko bertso saio handia babestuko du Zorrotzako Euskal Txokoak. Irailaren 29an eguerdiko 12etan, Amets Arzallus, Jone Uria, Saioa Alkaiza eta Jon Maia bertsolari handiak taularatuko dira Azoka plazako kioskora. Horretaz gain, Askabide Kultur elkarteak babestuta, urriaren 3an Tor Magoarekin poteoa antolatuta dago 19:30etik aurrera. Bukatzeko, txikienek dantzatzeko eta abesteko aukera izango dute Euskal Txokoak babesten duen Gora bihotzaken “Azken taupadak!” ikuskizun musikalean, urriaren 4an larunbatean, eguerdiko 12:30ean Azoka plazan.

