100. alea ospatzeko festa egin du Zorrotz Morrotzek

Irailaren 12an Zorrotz Morrotz eguna antolatu zen, aldizkaria ehun aleetara iritsi dela ospatzeko.

Egitarau zabala osatu zen, Euskal Txokoa, Kun-Kun eta Askabide auzoko elkarte euskaltzaleen babesarekin. Hamarnaka auzotar euskaltzale batu ziren festara, goizetik hasi eta iluntzera arte jardueraz jositako egunean. Goiz-goizetik, Azoka Parkean “ZM: 100 ale, hamaika istorio” erakusketa jarrita egon zen, aldizkariaren ibilbidea eta bilakaera nagusiak azpimarratzen zituena. Egunari ekiteko, Gora kopak bikoteak haurrak zein helduak dantzan jarri zituen bere ikuskizunarekin. Eguerdian, berriz, TeleZorrozako gazteek euskal kantez blaitu zituzten auzoko kaleak, arratsaldera arte luzatu zen poteo martxosoan. Poteotik bazkaltzera zuzen-zuzenean joan ziren, eta indaba-jana gozoa egin zuten.

Egunaren bigarren erdian, berriz, freestyler erakustaldi paregabeaz gozatu genuen Zoroen Klubaren eskutik. Saim Mendi, Auzoko, Raperu, Blesz, Muxker eta Swaggerri raperoek ederki erakutsi zuten euren trebezia euskaraz inprobisatzen.

Eta festa biribiltzeko, auzoko bi musika-talderen kontzertu zirraragarriak. Batetik, Gatazka, publiko bereziki gaztea erakarri zuena. Bestetik, Lur Jota, melodia eta letra fin eta kutsakorrez jendea gauera arte lotuta eduki zuena.

Ehun ale ez dira berehalakoan osatzen, baina Zorrotz Morrotz eguna bizkorregi amaitu zelakoan gaude bat baino gehiago.